XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jacksonek 95. Kalean barrena jarraitu zuen Boskarren Etorbide aldera.

Central Park inguratzen zuen harresia ikusi zuenean, Harlem atzean utzi zuela jakin zuen.

Zurien munduan aurkitzen zen orain eta ez zeukan non sarturik.

Bere emaztearen urrea eta Jackson bera gordetzeko tokirik eskainiko ez zion munduan, hain zuzen ere.

120ko abiadan zihoan eta bere aurrean harresi bat baino ez zen agertzen.

Burua funtzionatzen hasi zitzaion.

Izpiritual baten bidez hasi zitzaizkion ideak bururatzen.

Batzuetan umezurtza bezala sentitzen naiz, batzuetan hil zorian bezala sentitzen naiz.

Ja, ez zitzaion errezatzeko ezer ere gelditzen.

Harlem auzora itzultzeko asmoz Boskarren Etorbideko iparralderantz kolpean jiratu zuenean, urre kutxa hilkutxa-tokitik askatu, autoaren zorura erori, kalera salto egin, txiribuelta batez lurreratu eta kankatekoaren hotsa atera ondoren goiko estalkia zabalik zuela gelditu zen.

Halakoxeko abailan zihoan!

Jackson ez zen ezta konturatu ere.

Hain zegoen buru-belarri sartuta bere errezo haietan!

Boskarren Etorbidean zehar 110. Kaleraino zuzen jo, Zazpigarren Etorbiderantz jiratu, 139. Kaleraino iparralderako norabideari eutsi eta azkenik, bere artzainaren etxe aurrean gelditu zen.

Bidean zetorrela hiru auto-patruilekin gurutzatu zen.

Txakurrek batere arretarik jarri gabe begiratu zioten mailatua, zikin eta arraultzez eta haragiz erabat zipristindua zegoen hil-auto hari, eta ez zioten jaramonik egin.